Agur Aitor, Hegoalde Ikastolakoen izenean

Berrogei urte baino gehiago, horren luze eta horren motz. Berrogei urte baino gehiago, ilusioz lanean. Amets bat, helburu argia zuen ametsa: Euskal Eskola Publikoa. Eskola sortzaile, zientifiko, kooperatibo, hezkidetzaile… Eta borroka. Eta ametsaren lorpena.. Zenbat bilera, ikuspuntu ezberdin, eztabaida eta akordio.

Poliki-poliki garatzen joan zen Udal Ikastola, horrenbeste harrotzen zintuen proiektua. Zure gaitasuna koordinatzeko, biltzeko, proiektuak aurkezteko, arlo askotan zenituen jakintza eta zaletasunak… funtsezkoak izan dira denon artean amets hori aurrera ateratzeko.

Lankide hurbila, nekaezina, sormen handikoa, irakasle zintzoa, ardurak bereganatzeko beti prest eta, zer esanik ez, baita emateko ere.

Eta ibilbidean, bitartean, eskolan, bizitza: plastika eta eskulanak egiteko janzten zenuen bata urdina, gaztelaniazko arloan ikasleekin gurasoei egiten zenizkien aurkezpenak, 6. mailakoekin ikastolan uzteko egiten zenuen arte-lan berezia, zure gozamena ikasleekin museoetara joaten ginenean, Gabonetan irakasleoi ematen zenigun opari literarioa, lanean zinela jartzen zenuen musika… Zu, Aitor.

Berrogei urte baino gehiago, horren luze eta horren motz. Zure ametsak, gure ametsak, aurrera jarraitzen du. Horri ekingo diogu, datozenek ekingo diote.

Utzi dituzun aztarna eta oroitzapenak betiko izanen dira gurekin.

Plazerra izan da zurekin ibilbide hau egin izana. Penaz josita,

Aio, Aitor. Aio, lagun.

Erantzun bat “Agur Aitor, Hegoalde Ikastolakoen izenean” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude